Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2018/01/11

‘Kodearen Ordua’, informatika eta programazioa etxeko txikientzat

Ermuko Udaleko Toki-Garapen Alorrak herriko gazteenei zientziaren, teknologia berrien eta robotikaren mundua gerturatzeko lanean dihardu, etorkizunean baliagarriak izango diren gaitasunak garatu eta menperatu ditzaten. Hori horrela, urtarrilaren 27an, larunbata, Kodearen Ordua ekimenaren bigarren edizioa antolatu du gure udalerrian. Lehen Hezkuntzako ikasleentzat doako formazio jarduera ludikoa da, eta modu entretenigarri eta arinean informatikako eta programazioko kontzeptuak lantzen dira.

Omnis tokiko enpresa, Izarra Centreko haztegian kokatzen dena, arduratzen da formazioa eskaintzeaz, teknologiaren dibulgaziorako egiten dituen lanen barne. Omnisek aurretiazko esperientzia du mota honetako ekimenetan; esaterako, abenduaren 9an izandako lehenengo Kodearen Ordua jarduerak arrakasta handia izan zuen herriko neska-mutilen artean. Izan ere, programatzen ikasteak arazoak konpontzeko gaitasunak, logika eta sormena bultzatzen laguntzen du.

Jarduera hau Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailako ikasleei zuzenduta dago, baina ekimenak familia izaera du, gurasoek euren seme-alabekin batera parte hartzeko eta ikasteko aukera izango baitute. Tailerra urtarrilaren 27an, larunbata, Izarra Centreko bigarren solairuan izango da (Teknotekako ordenagailu gelan), eta bi txandatan banatuko da: lehenengoa 10:00etatik 11:00etara eta bigarrena 11:15etik 12:15era.

Guztira 12 neska-mutilek parte hartu ahalko dute ekimen honetan. Beraz, interesa duten pertsonek izena eman beharko dute dl@udalermua.net helbide elektronikora mezua idatzita edota 943 17 91 51 telefono zenbakira deituta.

Zer da Kodearen Ordua?

Kodearen Ordua 180 herrialde baino gehiagotako dozenaka milioi ikaslerengana iristen den mugimendu globala da. Mundu osoko edozein pertsonak antolatu dezake Kodearen Ordua. Izan ere, ekimenaren webgunean ordubete inguruko tutorialak topatu daitezke 30 hizkuntza baino gehiagotan. Gainera, neska-mutilentzat erakargarriak diren gaiak izaten dituzte, hala nola, Star Wars, Frozen eta Minecraft.


Gora



© Ermuko Udala, 2018 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo