Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2017/03/20

Abian da 'Irakurri, gozatu eta oparitu' ekimenaren hamaikagarren edizioa

Astelehen honetan, martxoak 20, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren edizio berri bat jarriko da martxan; hamaikagarrena, zehazki. Ermuko udal liburutegiak, Maribel eta Xiripot liburu-dendek eta Euskal Birusa elkarteak bat egin dute, elkarlanean, egitasmoa aurrera eramateko.

Martxoaren 20tik maiatzaren 31ra arte iraungo du egitasmoak. Helburua irakurzaletasuna bultzatzea da, eta herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Ekimenak parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

  1. Irakurri. Lehenengo pausoa euskaraz irakurtzea da. Horretarako, Ermuko udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da.
  2. Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta horren inguruko iritzia. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, Maribel edo Xiripot liburu-dendetan erabiltzeko.
  3. Oparitu. Azken pausoa liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Liburutegian jasotako erosketa-txekeak euskarazko beste edozein libururen prezioaren %35 ordaintzeko aukera emango digu, ekainaren 10 arte.

Gainera apirilean eta maiatzean Xiripot eta Maribel liburu-dendetan euskarazko liburuak erosteko 30 euroko txekeak zozketatuko dira partaide guztien artean.

Ekimena aurten 47 herritan izango da martxan. Aurreko hamar edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa da.

Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2018 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo