Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2019/09/13

Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketak hamargarren edizioari ekin dio

Emakundek sortutako Beldur Barik programak ikus-entzunezkoen lehiaketa ezagunaren edizio berria antolatu du. Hamargarren urtez burutuko da ekimena, eta emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen arte-adierazpen mota oro onartzea, baloratzea eta bultzatzea du helburu. Gainera, lanak errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo bertan ikasten duten 12 eta 26 urte arteko pertsonek parte hartu dezakete lehiaketan, banaka nahiz taldeka, gehienez ere pertsona/talde bakoitzeko 3 lanekin. Berrikuntza gisa, aurten hiru kategoriatan banatuko da ekimena: 12 eta 13 urtekoak, 14-18 urtekoak eta 19-26 urtekoak. Gogorarazi nahi da, gainera, adinez txikikoek tutoreen beharrezko baimenak bete eta aurkeztu behar dituztela parte hartu ahal izateko.

Beldur Barik Jarrera lehiaketak ikus-entzunezko formatuan dauden arte adierazpen oro onartzen du: flashmobak, poemak edo kamera aurrean irakurritako testuak, bideoklipak, argazkiak, fotomuntaiak, lipdubak, eta abar. Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da: nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen konpromisoa matxismoaren aurka, Beldur Barik jarrera zabaltzeko.

Proiektu guztiek oinarri jakin batzuk bete behar dituzte, hala nola, lehiaketaren helburuak islatzea, originalak izatea eta aurrez beste lehiaketa batzuetara aurkeztu ez izana. Lanak formatu digitalean aurkeztu beharko dira, YouTube edo Vimeo plataformetara lotura eskainita edo JPG formatuan atxikita. Aurkezteko epea azaroaren 5ean, asteartea, 23:59an amaituko da.

Epaimahaiak hautatuko ditu zeintzuk diren irabazleak, eta erabakia azaroaren 23an jakinaraziko da Beldur Barik Topaketan, zehazteke dagoen Bizkaiko udalerri batean. Kategoria bakoitzean 400 euroko 2 sari emango dira -bata ikus-entzunezkoentzat eta bestea irudi soilentzat-. Gainera, 300 euroko sari berezi bat eta parte hartzeagatik 300 euroko beste sari bat ere esleituko dira.

Gogorarazi nahi dizuegu epaimahaiak lehiaketatik kanpo utzi ditzakeela lanak lehiaketaren oinarri guztiak betetzen ez badituzte, eta horrelako kasuren bat gertatu dela jada gure herrian. Beraz, oinarriak adi irakurtzea gomendatzen da.

Beldur Barik programa Emakundek antolatzen du, Eudelek eta Euskadiko Foru Aldundiek bultzatuta, eta beste hainbat erakunderen babesa jasotzen du, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Hezkuntza Zuzendaritzak, EiTB eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Berdinsarea sareko udalek ere parte hartzen dute programa horretan.

Beldur Barik Jarrera Ermuan

Lehiaketa orokorraz gain, Ermuko Udaleko Berdintasun Sailak Beldur Barik Jarrera lehiaketan parte hartzen duten herriko pertsonen lanak sarituko ditu. Sari orokorra eta herrikoia bateragarriak izango dira, eta Ermuan kategoria bakoitzeko lanik onenak 300 euro jasoko ditu.

Azaroaren 21ean, osteguna, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Ermua Beldur Barik Jaialdia ospatuko da Lobiano Kultur Gunean. Bertan, herriko lanak aurkeztu, epaia ezagutzera eman eta herri-mailako sariak banatuko dira.


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo