Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2017/07/20

Stai Zitto eta La Pegatina, larunbat honetan Santixauetako kontzertu handian

Lau egun baino ez dira falta 2017 honetako Santixau jaien hasiera ofizialerako, eta Ermua jada murgildu da jai giroan. Txarangen arteko joko eta lehiaketek, kirol txapelketek eta musika ekitaldiek girotu dute herria jaietako egitaraua hasi zenetik, pasatu den ostiraletik, uztailak 14, alegia. Asteburu honetan, ordea, Santixauen aurreko kontzertu handiaren txanda iritsiko da, eta bertan izango ditugu La Pegatina eta Stai Zitto ermuarrak.

La Pegatina runba kataluniarra eta ska uztartzen dituen taldea da, eta Bartzelonan sortu zen duela 14 urte. Zortzi musikarik osatzen dute egun talde handi eta alai hau, eta energiaz beteriko festa dibertigarri eta dantzagarria eskaintzen dute. 24 herrialde baino gehiagotan izan dira 1000 kontzertutik gora emanez, eta ikus-entzuleek estilo anitzez gozatzeko aukera izan dute: merengetik runbara, skatik punkera...  Gainera, gaztelania, katalana, galiziera eta portugesa uztartzen dituzte euren abestietan, eta jada sei disko, dokumental bat eta bideojoko bat argitaratu dituzte. Euren azken lanari esker, La Gran Pegatina Live, larunbatean Ermura iritsiko den La Pegatina World Tour bira eskaintzen ari dira.

Kataluniarren ikuskizunaren aurretik, Stai Zitto talde ermuarra izango dugu eszenatoki gainean San Pelaio plaza girotzeko. 2013an jaio zen rock/ska zortzikoteak taldearen izen bereko disko bat eta Bidaia singlea argitaratu ditu orain artean, eta euren herrian bertan izango ditugu larunbatean abesti horiek guztiak aurkezteko prest.

Kontzertua 22:30ean hasiko da Ermuko San Pelaio plazan, eta La Pegatina taldeko kideek esaten duten moduan, festa, giro ona eta musika ona izango dira ekitaldi honetako protagonistak.

Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo