Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2017/07/05

Aire zabaleko Kalistenia parkea eraikiko da Betiondon

Carlos Totorika Ermuko alkateak iragarri du Betiondon Kalistenia parke bat eraikitzeko obra kontratatu dela 35.000 euroren truke. Kontratua sinatzen denetik hilabete bateko epea izango du esleipendun enpresak parkea eraikitzeko.

Gazte talde batek eginiko eskaerari erantzuna ematen zaiola azaldu du Totorikak, eta herriko kirol ekipamenduak gehitzea ahalbidetuko du ekintza honek. “Kirolaren eta bizimodu aktibo eta osasungarrien alde egiten duen herria da Ermua”, adierazi du.

Udal Kirol Erakundeak (UKE) eraikiko duen Kalistenia parke berria Betiondon kokatuko da, kalba pista zaharra dagoen gune berean, eta 18 x 5,6 metroko azalera izango du. Zirkuituak honako elementuak izango ditu: dominadak egiteko hiru barra, bi monkey bar –horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta-, egokitutako bi baranda, bi barra paralelo baxu, bi barra paralelo altu eta zortzi zutoin bertikal.

Alkateak argitu du gazteek hasieratik parte hartu dutela proiektuaren garapenean, eta 150 metro karratu hartuko dituen instalazioak herriko bizilagunen jarduera fisikoa eta ludikoa areagotzeko balioko duelakoan agertu da.

Parkeko elementu guztiek UNE-EN16630 Europako Segurtasun Arauaren ziurtagiria dute, eta bandalismoaren aurkako materialekin eginak daude, parke publikoetan erabili ahal izateko egokiak izanik. Zorua material sintetiko xurgagarriarekin egingo da, gerta daitezkeen erorikoak babesteko.

Skateparkarekin gertatu bezala, Udalaren proiektu honek afizio berdinak dituzten gazte talde baten eskaerari erantzuna emango dio. Horrela, alkatearen hitzetan, “gizarteratze mekanismoak indartzen dira eta pertsonen portaera soziala eta emozionala aberasten da”.

Ildo horri jarraiki, Totorikak azaldu du “aire zabalean burutzen den jarduera fisikoa denez, hiritar guztientzat kirola egitea errazten da eta lortu nahi dugun hiri modelo osasungarri eta atseginean sakontzen da”.

Kalistenia parkean jarduera hori egiten hasteko informazio panela kokatuko da. Bertan, erabilera arauak zehaztuko dira, eta parte hartzeko gutxiengo adina 14 urtekoa dela azpimarratuko da. Beraz, adin txikikoek heldu baten laguntza beharko dute parkea erabiltzeko, eta euren erantzukizuna izango da egingo duten ariketa.

Zer da Kalistenia?

‘Street Workout’ modalitatearekin batera, Kalistenia kirolean oinarritzen den mugimendua eta bizitzeko modu osasungarria da, New Yorken sortua hip hop kulturaren barruan. Jarraitzaileek diotenez, bizitzeko modua da, elkarren arteko errespetua, talde lana eta dibertsio osasungarria bezalako baloreetan oinarritzen dena. Gorputzaren beraren pisuarekin egiten diren ariketak dira, eta muskulu taldeen mugimenduak ditu ardatz, potentzia eta esfortzuaren ordez. Helburua arintasuna, indar fisikoa eta malgutasuna garatzea da.

Azken hamar urteotan, Kalistenia asko hazi da Europan, talde asko sortu, sare sozialetan ariketak partekatu eta aire zabalean kirolaren praktika areagotu baita. Espainiar estatuko lehenengo taldea 2010. urtean sortu zen Madrilgo Leganés auzoan, eta azken lau urteetan oso ezaguna bihurtu da hiri askotan. Egun, Kalistenia eta Street Workout Elkarte Espainiarra ere badago (AESWC), 35 kirol taldek osatua, eta txapelketak antolatzen dituzte.

Kalisteniaren onurak mota askotakoak dira, ez soilik estetikoak, baita ongizate eta osasun fisiko eta mentalarekin lotutakoak ere. Erabiltzen diren metodoei eta teknikei esker, adin mugarik ez duen ariketa da, eta fisioterapeuta askok gomendatu egiten dute eskoliosia, diskoko hernia edo artikulazioetako arazoak dituzten pazienteentzat.


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo