Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2017/03/08

Irudiekin eta islekin ospatzen du Ermuak Emakumeen Nazioarteko Eguna

Gaur martxoaren 8a da, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Ermuan egunean zehar ekitaldi ezberdinak egingo dira egun berezi hau ospatzeko.

Eguneko lehenengo ekitaldia izen bera daraman plazan egin da hain zuzen, Martxoak 8 plazan. Beatriz Gámiz Berdintasun zinegotziak 11:00etan bertan bildu diren emakumeei eta gizonei hitz batzuk eskaini dizkie, eta jarraian, Artebidea elkarteko Natalia Arrieta eta Rosa Basoa kideek egindako Jabekuntzarako Argazki-Collagea estreinatu da.

Kioskoaren inguruan kokatutako muralek osatzen dute collagea, eta egileetako batek, Natalia Arrietak, hain zuzen, horrela definitu du: “Berdintasunezko gizarte baterako bidean emakumeek uzten duten aztarna islatu nahi izan dugu. Bide horretako motor gisa hankek duten garrantziari eman diogu indarra. Gainera, aurkezten diren irudiak eta benetako irudiak islatzeko gai den materiala erabili dugu obra hau sortzeko, unean bertan irudiak harrapatu eta obrari instalazio itxura emanez. Horrela, lana uneoro aldatzen ari da, eta ekitaldira gerturatu diren emakumeen hankak ere obraren parte izan daitezke”.

“Muraleko irudiek emakumeek arlo desberdinetan duten borroka islatzen dute. Bestalde, erdialdeko kartelean, irudi fresko bat azaldu nahi izan dugu, askatasun sentsazioa ematen duena. Horretarako, aukera amaiezinak dituen zeru batera zabalik dagoen leihoaren sinbolismoa erabili dugu”.

Ekitaldiaren ostean, 12:00etan, bost minutuko geldialdi sinbolikoa egin da udaletxe aurrean, mundu osoan deitu den emakumeen nazioarteko geldialdiarekin bat egin eta elkartasuna adierazteko.

19:00etan, kontzentrazioa

Ekintzen programak aurrera jarraituko du gaur arratsaldean 17:00etatik aurrera Emakumeen Topalekuan izango den kafe eta tribial feminista partidan. Gainera, lehen postuetan sailkatzen direnentzat opariak egongo dira.

Eguna borobiltzeko, arratsaldeko zazpietan herri kontzentrazioa egingo da Orbe Kardinala plazan, eta more koloreko lore-sortatxoak eskainiko dira.

Datozen egunetan ekintza gehiago ere izango dira. Programa osoa hemen kontsulta dezakezu.

Argazki-sorta bistaratzea


Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo