Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2007/05/07

Euskal liburu eta diskoen XV. azoka ostegunean zabalduko da

Euskal liburu eta diskoen XV. azoka Ermuan ostegunean zabalduko da. Aurtengo edizioko nobedade nagusia Durangaldeko ‘Gerediaga’ eta Debabarreneko ‘Badihardugu’ Elkarteak, udal liburutegiak eta herriko liburu-denda biak beren stand-a izango dutela da. Hori horrela, aurten hamahiru stand edo etxola jarriko dira Orbe Kardinalaren plazan. Albo batean elkar banatzailearen eta argitaletxeenak egongo dira eta bestean, herriko liburu-denda eta adierazitako elkarte eta taldeenak hain zuzen ere. Azoka hori udal euskara zerbitzuak eta ‘Euskal Birusa’ taldeak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta udal honen babesarekin eta Euskadiko Liburu Ganbararen laguntzarekin. Hastear dagoen edizio hori eta bere xehetasunak gaur goizean aurkeztu dituzte antolatzaile eta babesleen ordezkariek udaletxean eginiko agerraldian. Bertan izan dira José Luis Clemente alkateordea, Piedi Eizagirre, Euskal Birusa taldeko kidea, Fernando Aranberri normalizazioko teknikaria eta Sara Gago liburuzaina.

Azoka ostegun goizean zabalduko da eta igande iluntzean itxiko. Goizez eta arratsaldez zabalik izanen da, 11etatik ordu 2etara eta arratsaldeko lauretatik gaueko bederatzietara bitartean. Azoka lau egunetan gauzatuko den arren, berarekin bat hainbat ekitaldi anitz iragarrita daude. Hori horrela, idazleekin solasaldiak, ipuinkontalariak, kantu eta poemen emanaldia, haurrentzako jolasak eta animazioa, esaterako. Gerediaga eta Badihardugu elkarteek argitaratu dituzten azken lanak eskainiko dituzte, foileto eta beste hainbat materialarekin batera. Udal liburutegiak, hainbat gauza izango ditu; batetik azken urteetan kaleratutako materiala, bere fondoen berri emateko plazaratutako gidak edota, hemerotekaren bidez, Ermuari buruz hedabideetan argitaratutako guztia. Horrez gain, ikus-entzunezko bat ere proiektatuko du eta Topaguneak antolatutako ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’, kanpainan bildu diren 100 aleak. Bestalde, nahi dutenek liburutegiko bazkide egiteko aukera ere izango dute. Udal liburutegiak azoka irauten duen egunetan elastikoak eta sariak zozketatuko ditu egunean zehar liburuan eskuratu dituzten guztien artean.

Azkenik, Euskal Birusa talde euskaltzaleak ere hainbat material eta argitalpen jarriko ditu ikusgai eta bisitarien eskura, horien artean hilero argitaratzen duen ‘Drogotenitturri’ aldizkariaren aleak. Honelako azoka guztietan bezala liburuak erosten dituztenei %10eko deskontua egingo zaie.

Argazki-sorta bistaratzea



Gora



© Ermuko Udala, 2018 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo