Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2014/03/14

Etorkizunean eduki nahi dugun Ermuarekin amest egin dezagun

Erronka berriek, aukera berriak dakartzate

Ermuko hiri-eredua goitik behera aldatu da aurreko Plan Nagusia indarrean egon den urteetan. Aldaketa horrek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietan izan du eragina, baina esan daiteke Ermuaren kasuan plangintzan aurreikusitako proposamenak gauzatu egin direla.

Hiri-berroneratzea bizitegi-lurzoruetan zein industria-lurzoruetan gertatu da; horren ondorioz, herriko erabilerak berrantolatu dira, eta horrek eragin handia izan du hiri-esparruaren kalitatean. Hona hemen denon artean egindako lanaren zenbait adibide: hirigunean kokatutako enpresak lekuz aldatu dira, eta etxebizitza berriak eta industria-guneak eskaini dira.

Baina, hala ere, ez dugu pentsatu behar lan guztia eginda dagoela; izan ere, garaiak eta egoera sozioekonomikoak aurrekoen kontrakoak dira, argi eta garbi. Bizi-kalitatea hobetzeko eta proiektu berriak garatzeko, aldaketak egin behar ditugu etengabe, eta beharrizan berriak sortzen dira alderdi askotatik (gizartekoak, ingurumenekoak, etab.).

Herritarrek beste behar batzuk dituzte; esaterako, mugikortasunaren, irisgarritasunaren, enpleguaren eta eskuratzeko moduko etxebizitzaren arloetan. Behar horiek guztiak egungo hirian integratu behar ditugu, eta horretarako, hiri-eredu atseginagoa eta osasungarriagoa eratu behar dugu. Bestalde, kontuan izan behar dugu gure lurraldean lurzorua ondasun urria dela, topografia guratsu eta nortasun handiko batek baldintzatuta dagoela, eta hala ere, hori ermuarren etorkizunaren euskarria izango dela.

Ildo horretan, errepide- eta trenbide-saihesbidea egiteko proiektuak garrantzi handiko aukerak dira, eta zuzeneko eragina izango dute hirigunean. Hona hemen HAPNan jasotako planteamenduen argibide batzuk: bizitegi-guneetatik gertu dauden enpresak industrialdeetara joatea, babes publikoko etxebizitza berriak eta zuzkidura-apartamentuak, hirigunean esparru publikoak gehitzea, Urkoalde harrobia berreskuratzea eta Oterreko hondakindegia leheneratzea.

Plan Nagusiaren proposamen eta konponbideetan, arreta handia jarri da gizakiak dagoeneko eraldatutako lurzoruan; hain zuzen, orbainak aprobetxatu eta haietan esku hartzeko formula berriak bilatu dira, kirurgia-ebakuntzak egingo balira bezala.

Horretarako, pertsona askok lagundu dute: Udalekoek bertakoek, beste administrazio batzuetakoek eta partikularrek. Besteak beste, eztabaida-foroetan parte hartu eta ideiak ekarri dituzte, eta horri esker, herriaren etorkizunaren aldeko apustua egin da, Ermuko Hiri Antolamenduko Plan Nagusi berrian islatzen dena.

Gure herriaren etorkizuna diseinatze lanean, gu guztion iritzia da oso garrantzitsua

Ermuar guztion artean soilik lortuko dugu pertsona guztiontzako hiri bat sortzea. Hori dela eta, Plan Nagusia berrikusteko, Ermuko gizarte-eragile guztien parte-hartzea behar da.

Horretarako, Euskadiko Lurzoruari eta hirigintzari buruzko Legean aurreikusitako partaidetza-formulez gainera, Udalak beste bide batzuk ireki nahi ditu, Plan Nagusiaren berrikuspen-prozesuaren berri emateko eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko; besteak beste, atal hau jarri dugu martxan Udalaren web-gunean, argibide-dokumentazioa prestatu eta eman dugu, eta informazio- eta partaidetza-saioak egin ditugu.

Ermuan bizi garenok inork baino hobeto dakigu zein diren gure auzoko, gure kaleko edo gure atariko arazoak. Hortaz, denon artean erabakiko dugu nolakoa izango den gure herria datozen urteetan.

Informazio publikoa

Ermuko Udaleko Udalbatzak hasierako onespena eman dio Plan Nagusi berriari, 2014ko martxoaren 12ko osoko bilkuran.

Plan Nagusiaren hasierako onespenari buruzko akordioa gaur 2014ko martxoaren 14ari dagokion 51. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu da.

Plan Nagusiaren berri emateko, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta edozein herritarrek bere eskubidea edo interesa defendatuz egin nahi dituen alegazioak jasotzeko, Plan Nagusi berria osatzen duten agiri guztiak (idatzizkoak zein grafikoak) San Antonio ermitan jarriko dira jendaurrean, erakusketa tematiko iraunkor batean. Erakusketa horretan, ikus-entzunezkoak proiektatuko dira, eta informazio-taulak, infografiak eta dokumentazio grafikoa egongo dira, HAPNan bildutako proposamen eta proiektu nagusiei buruzkoak.

San Antonio ermitako erakusketa berrogeita bost egunez egongo da zabalik, 2014ko martxoaren 17tik apirilaren 30era bitartean. Astelehenetik ostiralera, arratsaldez egongo da zabalik, 16:30etik 20:00etara, eta larunbatetan, goizez, 10:00etatik 13:30era. Idazlari-taldeko kideek parte-hartze aktiboa izango dute erakusketan: eskatzen zaizkien azalpen eta argibideak emango dituzte, eta aholku emango diete beren eskubidea edo interesa defendatuz alegazioa egin nahi duten pertsonei. Horretarako, idazlari-taldearekin aurretiko hitzordua eskatu ahal izango da; eta alderdiek adostuko dute non eta zer ordutan bildu.

Gizpuzkoa Ertobideko 37ko Erakusketa
Martxoaren 31tik apirilaren 12ra
Astelehenetik ostiralera
16:30etatik 20:00etara
Larunbatetan
10:0etatik 13:30etara
Torreta Etxea
San Antonio baselizako Erakusketa
Martxoaren 17tik apirilaren 30era
Astelehenetik ostiralera
16:30etatik 20:00etara
Larunbatetan
10:0etatik 13:30etara
 
Ermita de San Antonio
Zubiaurre 35eko Erakusketa
Martxoaren 17tik 29ra
Astelehenetik ostiralera
16:30etatik 20:00etara
Larunbatetan
10:0etatik 13:30etara
 
Centro de Iniciación Profesional

Halaber, erakusketa ibiltariak egingo dira Zubiaurre kaleko 35. zenbakian, 2014ko martxoaren 17tik 29ra, eta Gipuzkoa etorbideko 37. zenbakian, martxoaren 31tik apirilaren 12ra. Erakusketa ibiltariek San Antonio ermitako erakusketa iraunkorraren ordutegi eta baldintza berberak izango dituzte.

Ermuko Udaleko Arlo Teknikoan ere, informazio bera kontsultatu ahal izango da. Han, Hirigintzako zerbitzu teknikoek informazio osagarria emango diote jendeari, Plan Nagusian egiten diren hirigintza-proposamenak ezagutu eta uler ditzan.

Halaber, beste aukera bat dago; Plan Nagusiaren informazioa (grafikoa eta idatzizkoa) kontsultatzeko eta alegazioak egiteko aukera dago. Gainera, eguneko 24 orduetan eta asteko egun guztietan egin ahal izango da. Nahi duenak Udalaren webgunean sortu dugun atal honetan bertan dagoen formulario hau erabil dezake: Herritarrek Plan Nagusiari alegazioak egiteko formularioa. Hain zuzen, horretarako sortu dugu.

Aldizkari bat argitaratu dugu, Plan Nagusi berriaren esanahiari eta hartan datozen urteetarako azaltzen diren hirigintza-proposamenei buruzko informazioa emateko. Etxean ez baduzu aldizkari hori jasotzen, hiru modu daude ale bat lortzeko: hiru erakusketetan (San Antonio ermitan, Zubiaurreko 35. zenbakian eta Gipuzkoa etorbideko 37. zenbakian); Abiapuntun; eta webgunetik behera karga dezakezu, formatu digitalean, aldizkaria estekan sakatuz.

Hiri-antolamendurako Plan Nagusi berriaren inguruan informaturik jarrai dezakezu, gure boletin elektronikoetara harpidetuz gero. Horretarako bete ezazu honako galdetegi hau.

Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2019 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo