Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Berriaren xehetasuna


Itzuli

2008/01/07

Ermuko egutegia, Ermuari buruzkoa eta Ermuarentzat

Hasi berri dugun 2008rako egutegi berezia kaleratu da aurtengoan gure herrian. Egutegi horri atzizki ugari jarri dakioke baina izen bakarra: Ermua. Hori da herriko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak argitaratu duenaren funtsa eta xedea. Kalean egutegi ugari daude eta, are gehiago, urtearen hasiera batean. Egutegiok talde eta erakunde asko eta oso ezberdinek argitaratzen dituzte: etxekoandre eta amak, kirol taldeak (errugbikoak), down sindromearen elkarteak, eta banku eta aurrezki kutxak, besteak beste. Egutegi horien orrialdeetan leku eta pertsona ugari agertzen dira. Batzuek biluztu egiten dira diruak bildu eta proiektuak aurrera ateratzeko, beste hainbatek beren irudia lagatzen du besteei laguntzeko eta biltzen dena elkartasun proiektuetara bideratzeko, eta azkenik, betiko egutegiak daude, paisaiak edo etnografiako aspektuak landu ohi dituztenak. Aurtengoan, horiez gain, apaizen irudiak biltzen dituen bat argitaratu du Vatikanoak ere bai.

Nolanahi ere, gureari bueltatuz, merkatarienak dituen ezaugarriak ondoko hauek dira: doakoa da, ez baitu dirua biltzeko xederik, eta, bestalde, Ermua eta herriaren zerbitzu eta merkataritzako aspektuak landu eta islatzen dituela, zentzurik zabalenean. Beren orri eta irudietan herriaren egunerokotasuna eta, elkartetik proposatzen duten, batasun eta indar batzearen aldeko joera lantzen da. Elkarteko presidentea den, Idoia Goikoetxearen hitzetan, proiektu honekin herri eta merkataritzaren arteko sinergiaren ideia adierazi nahi izan dugu, bion etorkizuna eta ongizatea eskutik doazela uste baitugu. Merkataritzak ezin du funtzionatu herria eta herritarrik gabe eta, aldiz, merkataritzarik gabe herri ez baita ezer”. Elkarteak egun ia ehun bazkide ditu, barne mota guztietako denda eta establezimenduak daudelarik. Azken aldian, elkartea oso bizi dabil, aspaldiko dinamikotasuna berreskuratzeko asmoz.

Artistikoki ideia ‘Lauart’ laukoteak garatu du

Ideia eta proiektu artistikoaren garapena ere ermuarren esku utzi da. Elkarteak enkargua udal pintura eskolako irakasle diren Natalia Arrieta eta Rosa Basoari egin zien. Horiekin bat elkarlanean, Rikar Txabarri eta Jose Antonio Muñoz, ‘Gordo’ goitizenez ezagunagoa dena, ibili dira. Lankidetza horren ondorioz, laukoteak ‘Lauart’ izenaz aurkeztu du lan hau. Egileek herriko toki eta denden argazkiak atera dituzte, gerora ukitu eta tratatuz. Horrela, irudietan kolore birajeak egin eta horietan beste hainbat elementu txertatu dituzte. Emaitza polita da, ikusgarria eta oso plastikoa. Gainera fotograma bakoitzari esaldi bana erantsi zaio, merkataritza eta herriaren arteko loturaren ideia indartzen duena. Horietan garrantzi eta protagonismoa pertsonari lagatzen zaio, bezero eta herritarrari hain zuzen ere. Merkatarien elkarteak egutegiaren 5000 ale kaleratu ditu.

Lotura

Informazio gehiago


Gora



© Ermuko Udala, 2018 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo