Ermuko Udala
Laguntza Menua
Argazkien Menua
Menu Nagusia
2007ko maiatzaren 27an Ermuko herritarrek aniztasunaren aldeko apustua egin zuten berriro ere euren botoen bidez. Badakigu hiriak etorkizuneko garapenerako funtsezkoa izango den aldartea bizi duela orain, proiektu estrategiko ugari baititugu mahai gainean.
Udal gobernu sendo eta egonkor batek eman egiten du aurrean ditugun erronkei aurre egiteko bermea; hiriak dituen asmoekin bat datorren gobernu programa jorratzeko gai den udal gobernua, alegia.
Gure iritziz, halaber, indar politiko eta sozial guztiek ahalegindu behar dute honetan eta, horregatik, aurkezten dugu Gobernu Programa ireki hau; izan ere, programa ahalik eta partaide gehienen artean gauzatu nahi dugu.
Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE/PSOE) alderdiaren ustez, azkeneko urteek arrasto inportantea utzi dute hirian, eta herritar guztien itxaropenetan. Gaur egungo egoera ekonomikoa ona da eta etorkizuna aski eralda dezaketen ekimen publiko eta pribatu berri eta ausartak dauzkagu aurrean.
Babes ofizialeko etxebizitzen politika serioa gauzatuko da gizarteko talde behartsuenei zuzenduta, lurpeko aparkaleku kopurua handituko da eta plaza berri zein espazio publikoez hornituko da herria. Horrenbestez, nahi dugun herria eraikitzeko ilusioa izan dezakegu: herritarrak gero eta erosoago dauden hiria, pertsonak eta ibilgailuak gune beretan ibiltzea posible den hiria, azken horiek dena zuzendu barik.
Ilusio eta kemen berritzailez beteriko garai hasi berri honetan hiri adeitsuagoa lortu nahi dugu, guztioi aukera emango digun hiria, lagun guztiek gizartearen parte direla sentituko duten hiria eta askatasuna zein elkartasuna komunitatearen benetako balore nagusitzat hartuko dituen eskaintza sozial eta kulturalaz gozatuko duen hiria.
Kultur eta kirol erabilerarako gune eta ekipamenduak sustatuko dira, herritarrek gogoz nahi duten Beti Ondo kirol-eremuko ekipamendua euren zerbitzura jarriz. Horretaz gain, udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko ordua heldu dela uste dugu eta horretarako Herritarren Arreta Zerbitzua udal organizazioan ezarri ahal izateko plana abian ipini beharko dugu. Horrela bada, Udala herritarrengandik hurbil egongo den erakundea izango da, euren arazoak konpondu ahal izango dituzte bertan eta euren eskakizunei erantzun eraginkorra eman ahal izango die, azken batean, euren beharrizanak ase.
Hori guztia, aldeko esparru ekonomiko baten barruan; izan ere, horri esker, langabezia tasak behera egin du apurka-apurka. Hala ere, langabezia kezka handia da oraindik ere udalerrian eta horregatik jarraitzen dugu Enpleguaren Toki Zerbitzuak eskaintzen, hau da, gure ekintzaileei lan bilaketan laguntzen. Enplegua eta enpleguaren egonkortasuna udal gobernuaren lan ildo nagusiak dira oraindik ere.
Ermuko saihesbidea Ermuko saihesbidea guzti-guztiok lortutako arrakasta da. Hurrengo legealdian hasiko gara eraikitzen, eta gure herriari garapen iraunkorragoa ahalbidetzeko balioko du. Dagoeneko finkatuta dago behin betiko trazatua, eta udalak kontratatu du ingurumen-inpaktuaren azterketa. Bien bitartean, kutsadura akustikoari aurre egiteko pantailak jarriko ditugu Areitioko jaitsieran. 530.000 euroko inbertsioarekin, inguru horietan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzea da helburua.
Estali gabeko igerilekuak egingo ditugu Beti Ondon (2.750.000 euroko aurrekontua dago horretarako esleituta); solarium handi bat izango dute herritarren eskura. Kirol-azpiegitura handien sortari akabera emango dio jarduketa honek. Bestalde, eskola-kirola modu dinamikoan kudeatuko dugu, eta herriko kirolari handien ahalegina aitortu, beka-programa batez baliatuta.
Abeletxeko bidea. Behar-beharrezko azpiegitura Guztiok ezagutzen ditugu gure herriaren egiturazko arazoak: lurzoru-eskasia, maldak, erreka... Arrazoi horiek tarteko, Abeletxeko bidea egiten ari gara, eta laster izango dugu hura erabiltzeko beta. Etxebizitzak eskaintzea, langak kentzea (Izelaietako pasagunea adibidez) eta lehen mailako gizarte-ekipamenduak eraikitzeko behar adina leku eskaintzea dira haren helburuak.
Abeletxe inguruan, 2.000 metro koadroko partzela eskaini diogu Bideak sozietate publikoari, hirugarren adinekoentzako egoitza eraikitzen hasi dadin; 80 plaza izango ditu. Ekipamendu berri horri esker, eguneko zentroko plaza kopurua ere handitu egin ahal izango dugu. Gure nagusiek beren gizarte- eta familia-ingurua utzi beharrik izan ez dezaten.
Gure nagusiek, gizarteari gehien eman dietenek, bizilekua utzi beharrik ez izatea da gure xedea. Horregatik, etxez etxeko laguntza-zerbitzua handitu dugu, 100.000 eurotan handitu ere, etxean jende gehiago artatzeko aukera izateko.
Lobiano jauregia kultura-sormenari eta -programazioari lotutako lehen mailako zentro gisa inauguratu eta Teresa Murga eraikineko esku-hartzearen ondoren, Ermua zinema goitik behera birgaitzea egokitzen zaigu orain.
Egungo egiturari eusteko, altzari guztiak kendu eta berriak jartzeko eta egungo sarbideak aldatzeko asmoa dugu. 3.654.000 euroko inbertsioari eskerrak, topaleku bilakatuko da kultura Ermuan.
Aparkalekuak. Gaur-gaurko erronka Abeletxeko jarduketarekin eta dagoeneko abian diren etxebizitza berriekin, lurpeko 1.530 aparkaleku egin ahal izango dira. Dena den, azken urteotan San Lorentzo, Santa Ana, San Pelayo, Valdespina Markesa, Okin Zuri eta Estazio kaleetan sustapen publiko bidez egindako aparkalekuak osatzeko, beste 400 egingo ditugu, orain Lomi Power enpresa dagoen lursailean; horietatik 113 izango dira 24 orduko txandakako aparkaleku baterako.
Azken lau urteotan, 322 BOE zozketatu ditugu. Hurrengo legealdian, etxebizitza publikoen beste lau sustapen-eragiketa bideratuko ditugu: 90 babes ofizialekoak eta 29 prezio tasatukoak.
Abeletxeren goialdean dagoen 18. jarduketa-unitatean, Olañeta etxe zaharrean, gazteei alokagai eskaintzeko apartamentuak eraikiko ditugu, 807,31 metro koadroko azaleran. Ermuko gazteek etxea izan dezaten.
Gipuzkoa etorbide osoa hobetzea Bukatu da Gipuzkoa etorbide osoa hobetzeko ideien lehiaketa eta aukeratuta dago proiektua idazten hasiko den talde irabazlea. Zeregin horretarako 1.224.628 euro inbertituko ditugu, Gipuzkoa etorbideko gizon-emakumeen bizi-baldintzak hobetzea eta etorbideari irudi atseginagoa ematea helburutzat harturik.
Datozen hiletan, Herritarrei Laguntzeko Zerbitzua irekiko da Sustapen Ekonomikorako, Prestakuntzarako eta Enplegurako Sailaren lehengo bulegoetan. Herritarrei udaletxerako bidea bermatzea eta erraztea da asmoa.
Administrazio digitala ezartzen bukatuko dugu datozen lau urteotan, udal honetan egin beharreko izapide guztiak etxetik egiteko aukera izan dezazun. Horrela, ez duzu udaletxera joaten ibili beharrik izango, eta ez duzu laneko ordurik galduko.
Bestalde, Wi-Fi eremuak ere garatuko ditugu jabetza publikoko gune guztietan; horrela, teknologia berriak ez dira gutxi batzuen esku geratuko. Sareak eta telefoniak eskaintzen dizkizuten baliabideez eraikin publikoetatik oso prezio txikian goza dezazun.
Skate boarda eta rock-taldeek entseatzeko lokalak Herrian bertan gozatzeko. Ermuko gazteek 650 metro koadro izango dituzte, Beti Ondoko deposituaren ondoan, skate boarda egiteko. Horretarako, 150.000 euroko aurrekontua dago esleituta. Datozen hiletan, eraikin berria egingo da Beti Ondoko Sustapenaren eta Enpleguaren etxola zaharra zegoen lekuan. Musika-talde gazteentzako entsegu-tokia egingo da bertan, zehazki 8 gune. Herriko artista berriak sustatu nahi ditugu ekimen honen bidez, eta gure gazteek aisialdia eta talentua garatzeko beste herri batzuetara joan beharrik ez izatea. 640.000 euroko aurrekontua du ekipamendu horrek.
Ermuko udala AIC-Automotive Intelligence Center fundazioko kide da. Apustu sendoa egin du berrikuntzaren eta gure inguruko enpresen lehiakortasunaren alde. Ekimen horren osagarri, teknologia-berrikuntzaren alorrean gure gazteek sortzen dituzten enpresa berriak hartuko dituen 5.364 metro koadroko eraikina egingo dugu, Industria Ministerioaren laguntzarekin, egun Izarra eta pilotalekua dauden lursailean -pilotalekua Beti Ondora eramango da-. 11 milioi eurokoa da inbertsioa. Bestalde, Izarran dagoen kamioien aparkalekua Pagorbe ingurura lekualdatuko da.
Gazteen aisialdirako zentroa Gipuzkoa etorbidean Kirol-eskaintza osoa Beti Ondora eramango denez, Miguel de Unamuno auzo etxea goitik behera berriztatuko dugu, gure herriko gazteei aisialdirako eskaintzeko.
Ermuaren fisionomia aldatzen ari da; besteak beste, auzorik garaienetarako igobide mekanikoak jarri dira, guztion mugikortasuna errazten duten traba arkitektonikoak kendu dira eta, nabarmendu gura duguna, komun publikoetarako sarbide berriak egin dira. Valdespina Markesaren kaletik estaziora bitarteko pasealekua egin eta Izelaietako trenbide-pasagunea kentzearekin, zure segurtasunaren eta bizi-kalitatearen alde ari gara lanean.
Pertsonaren, harremanen eta hezkuntzaren alorretako arazoen aurrean aholkularitza, orientabidea eta banan-banako arreta eskainiko duen zerbitzua jarriko dugu martxan. 12 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten eta sasoi horretan sortzen diren arazo jakin batzuetan laguntza eta orientabide psikologikoa behar duten familiei zuzenduta egongo da.
Kontsulta-gune bat egongo da, hezkuntzarekin, diziplinarekin, familiarteko harremanekin eta portaera-arazoekin lotutako arazo eta zailtasunei erantzuteko. Erantzuna espezializatua, isilpekoa eta doakoa izango da. Familiei hezten lagundu nahi diegu, eta, batik bat, gure seme-alabek garapen egokia izan dezatela, hezkuntzaren, gizartearen eta psikologiaren ikuspegietatik.
Merkataritza ez da ekonomia-jarduera hutsa. Hurbileko merkataritzarik gabeko herria, bizitzarik gabeko herria da. Ermuko udalean plan estrategiko bat taxutu dugu, merkataritza-sarea indartzeko eman beharreko urratsak zein diren zehazteko. Datozen urteotan prestakuntza-ekintza integralak sustatuko ditugu, merkataritza sustatu eta zehazteko apustu gisa. Azken finean, gure merkatari txikien lehiakortasunaren aldeko apustua da.
Aukera Berdintasunerako Plan Integralaren garapena Aukera Berdintasunaren zinegotzigotik Aukera Berdintasunerako III. Plan Integrala bideratuko dugu, eta berriki gobernu sozialistak aldarrikatutako Berdintasunaren Legearen helburuetara egokitu, emakumeak erabat integratzeko ahaleginean.
Genero-indarkeriari aurrea hartu eta biktimek egoera hori arintzeko beharrezko laguntza jasotzeko tresnak garatu nahi ditugu; horixe da gure zereginik behinena.
Bestalde, emakumeen partaidetza sustatuko dugu Emakumearen Udal Kontseiluan, bai eta baliabide ekonomiko eta materialak dituzten emakumeen arteko elkarteak ere.
Herriaren iraungarritasuna ahalbidetzeko, Ingurumenaren Ekintza Planaren ildoak garatzen jarraituko dugu. Arreta berezia eskainiko diegu ikastetxeetan ematen diren ingurumen-hezkuntzako lantegiei, gure inguruko baliabideez bizimodu egokiagoa sustatzeko asmoz.