Ermuako Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Kontroleko organo administratiboak


Itzuli

Ermuko Udalaren idazkaritza eta kontu-hartzailaren irudi alegorikoa

Bizitzaren beste esparru batzuetan bezala, administrazio publikoan ere hobeto jokatu eta jarduten dugu kontrolatuta gaudela jakinez gero. Besterik ez bada, sekretupean eta opakutasunaren babesean egiten diren akatsak egitea galarazten da horrela.

Horrenbestez, kanpotiko ikuspegitik aztertu ohi den gardentasunak (hau da, herritarrek Udalean kudeatzen dugun informazioa ezagutzeko eskubidea bermatzeko neurriak) badu beste ikuspegi bat, barnekoagoa, baina aurrekoaren pareko garrantzia duena: antolamendu-ereduan bi alderdi bereizi beharraz ari gara: batetik alderdi exekutiboa, kudeaketarena, egongo da, eta, bestetik, kontrolaren alderdia. Funtsezkoa da horrela jokatzea, baldin eta gardentasunaz ari garenean, Udalean onartzen diren erabaki guztietan legea errespetatzeaz ari garela pentsatzen badugu eta hori bermatu nahi badugu.

Ermuko Udalak legearen eta zuzenbidearen pean jardun behar du etengabe, eta araudian xedatutako arau eta prozeduren arabera jokatu behar du beti. Horregatik, xedapen egokien bidez aitortu zaizkion administrazio-ahalmenak ahalmen horien helburuetarako bakarrik erabili behar ditu; hau da, inpartzialtasunez, zuzentasunez eta arrazoiz.

Eta administrazio publikook legeriari eta segurtasun juridikoari lotutako ordenamendu juridikoa beteko dugula zaintzeko, arlokako hainbat legek kanpoko organoei (batzuei edo besteei, gaiaren arabera) aitortzen diete administrazio publikoen jarduera kontrolatzeko ardura, epaileek eta auzitegiek duten kontrol-arduraz aparte.

Zentzu horretan, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak independentziaz jokatzen du eta diru publikoaren erabileraren eta kudeaketaren legaltasuna, erregulartasuna eta eraginkortasuna zaintzen ditu.

Besteak beste Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren lana da datuen babesari buruzko legeria beteko dela zaintzea, eta egoki betetzen dela kontrolatzea, batez ere datuei buruzko informazioa jasotzeko, eskuratzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezeztatzeko eskubideei dagokienez.

Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordeak, berriz, EAEko administrazio publikoetan egindako administrazio-kontratazioko prozesu guztietan sor litezkeen erreklamazioak ezagutzea du helburu.

Halere, ez dugu ahantzi behar tokiko araubideari eta funtzio publikoari buruzko legeriak administrazioaren jarduera kontrolatzeko barne-organoak ere xedatzen dituela. Organo horiek barnekoak diren arren, ez du esan nahi garrantzi txikiagoa dutenik.

Guztiz bestela, barneko organoak izanik, udal antolamenduaren barrualdea ezagutzeko aukera paregabea dute eta horri esker, era goiztiarrean eta era prebentiboan ere esku hartzeko aukera dute. Horregatik, legez kanpoko egoerak edo administrazio-jardun desegokiak galarazteko baliabide eraginkorrak dira.

Asmo horretarako xedatu dira Idazkaritzaren eta Udal Kontu-hartzailetzaren funtzioak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko Apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 1. puntuko 2. xedapen gehigarrian. Izan ere, haren arabera: “Udal Korporazioetan funtzionarioek soilik bete dezaketen funtzio publikoak dira agintaritza erabiltzea dakartenak, fede publikoa eta beharrezko lege-aholkularitza ematea, kudeaketa ekonomiko-finantzarioa eta aurrekontuen kudeaketa barnean kontrolatu eta fiskalizatzea, kontabilitatea eta altxortegia".

Ermuko Udalean pentsatzen dugu elkarrekin talka egiten duten bi eginkizun (zuzendaritza eta kudeaketa batetik, eta kontrol-eginkizuna -kudeaketari buruz informatzea- bestetik) betetzeko, ezinbestekoa dela bata eta bestea bereiztea, eta udal jarduera osoaren gaineko barneko administrazio-kontrola indartzea.

Horrela jokatuz, funtzionarioen inpartzialtasun- eta neutraltasun-printzipioa indartu egiten da; izan ere, kudeaketa eta kontrola bereiziz, organo batek kudeatu eta beste organo batek kontrolatu egingo du.

Azken buruan, gure erakundean indartu egiten dugu Idazkaritzak eta Kontu-hartzailetzak barneko kontrol-lana burutzea, legez kontra egon litezkeen administrazio-egintzak kalterik eragin aurretik geldiarazteko. Horrela, udal kudeaketaren gardentasuna handitzeaz gain, eraginkortasuna areagotzea ere lortzen dugu.

Gora



© Ermuko Udala, 2018 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo