Ermuko Udala

Laguntza Menua

 

Argazkien Menua

Menu Nagusia

Eraikina


Itzuli

Valdespina jauregia eraikin handia da. Elementu nabarmen hauek ditu: erdiko eskailera, Santiago elizaren kanpandegiarekin aurrez aurre dagoen goiko linternarekin, eta lorategira oparo irekitzen den ekialdeko fatxada.

Eraikineko guneak erdiko baoaren inguruan antolatuta daude. Baoaren helburu nagusia barrualdea argiztatzea da –horregatik du gainean linternaren bidez irekitzen den kupula- eta horrez gainera, lehenengo solairurako eskailera gisa erabiltzen da.

Eraikinaren lau fatxadetatik kaleari eta elizari begira dagoena da nagusia. Fatxada honetako sarrera erdiko ardatzaren parean dago. Erdikoaren simetrikoak diren beste lau ardatzek saretxoa eratzen dute. Zenbat eta gorago hainbat korapilotsuagoak dira leiho inguruetako moldurak, baina hirugarren solairuan frontoi klasikoek zertxobait arintzen dute efektu hori.

Fatxadaren ertz banatan Orbetarren eta Larreategitarren armarriak ageri dira, orbelaz ikusgarriro apainduta. Balkoietako burdina landuek aparteko aipamena merezi dute. Berebizikoak dira, nahiz eta estetika tradizionalaren eredukoak izan.

Atzeko fatxada ere ederki taxututa dago, erabilgarritasuna eta estetika uztartuz. Hiru solairuko pantaila polita da, diseinu desberdineko loggiatan banatua. Beheko solairuan hiru bao daude, erdikoan puntu erdiko hiru bao kubo antzeko kapitelen gainean, eta goikoan puntu erdiko beste bao batzuk leihoburu estuagoekin konbinatuta. Leihoburuetako apaingarriak plaka orbandunak dira.

Eraikinaren elementu nagusietako bat goiko kupula da. Honen azpian danbor oktogonala dago, erlaitza eteten duten lau okulurekin. Kupula bera borobila da eta tontorrean pinakulua, bola eta haize-orratza ditu. Kupulak eta eliza nagusiaren kanpandegiak antzeko itxura dute eta bata besteari begira daude.

Valdespina jauregiko eraikinari buruzko azalpena honako lan honetatik hartu da: "Bizkaiko Ondare Historikoa-Valdespina Jauregia", Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Saileko Ondare Historikoaren Zerbitzuak argitaratua.


Gora



© Ermuko Udala, 2012 - Marqués de Valdespina, 1 - 48260 Ermua - Bizkaia - Telefonoa: 943 17 90 10

Europar Batasuneko Logo